Lehiatu gabe aste batzu egon ostean, Bera Bera Egia jubenil taldeak larunbatean, apirilak 20, 16etan Urnietako udal kiroldegian hasiko du Kopan ibilbidea Urnieta HK10 Hotela taldearen aurrean. Ordizia Eskubaloia, Ereintza Aguaplast eta CDB Leizaran taldeak osatzen dute multzoa.
Bestetik, kadete mailako taldeak datorren asteburuan debuta egingo du Egian.
Infantil mailan, Gipuzkoako txapelketan, Bera Bera Egia Infantil Bi igandean 12etan Yoldin La Salle Legazpi hartuko du eta Foru Aldundia txapelketan Bera Bera Egia Infantil Bat taldeak Bidebietan jokatuko du 12,30etan Aiala B ZKE taldearen aurrean.
Lehiaketa berean, baina kadete mailan, Bera Bera Egia vs CDB Leizaran partida larunbatean 16,30etan ospatuko da Bidebietan, hau da, ohorezko mailako Bera Bera vs Cleba León aurretik.
Deialdia
Gipuzkoako federazioak Maitane Etxeberria eta Anne Valle deitu ditu Ordizian entrenaldia burutzeko apirilak 28 igandean, goizeko 9,45etatik aurrera, jubenil mailako aurreselekzioa osatze aldera.
Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile Reyes Carrerek “oso une gozoan gaude” dio halere, onartu du “onena gelditzen da, batek ez daki onena den edo gehien presionatzen duena baina horrelako momentuetan gozatu behar dugu eta amaiera iristen denean egindako ibilibideari erreparatu”. “Orain bidean gaude eta gozatu egin behar dugu” azpimarratu du.
Ibilbide horretan, Reyesen arabera, taldeak bera jokuarekiko lehiala izan behar du. “Ezinbestekoa da, batez ere, talde ausarta izatea, hemen baldin bagaude talde ausarta izan garelako da, kontraerasoetara bildur gabe atera dena, beti bezala arriskuak hartuz”. “Gure jokua egin behar dugu –jarraitu du entrenatzaileak-, defentsa sendo bat abiadura bermatuko dueta eta arriskuak hartuz, orain arte, ondo joan zaigulako”.
Zentzu honetan, Reyesek eskatu du “erabakitzeko ahalmena iraunkorra izatea, hau da, egoera batek ezin digu besoak lotu behin eta berriz”.
Datorren larunbatean Bidebietan, Bera Berak Cleba Leon hartuko du 19etatik aurrera (Luciano Adrian eta Sergi Melus, kataluniarrak). Hori guztia kontutan izanik, Reyes “oso ondo” ikusten du taldea, “ondo entrenatzen ari delako, pozik dago, emaitza positiboak lagun, lesionaturik ziren jokalariak sendatzen ari direlako, borrokan jarraitu nahi duelako eta gu guztiok bat egin dugulako helburuarekin” azaldu du.
Larunbatean “jokalari guztiak prest izango ditugula espero dut”. Eider Rubio taldearekin entrenatu da bizkarrean duen mina erabat sendatu ez arren eta gaur Libe Altunak atsedena hartu du belaunean gainkarga dela kausa.
Anestesia
Arazo fisiko hauen inguruan galdeturik, Reyesek adierazi du “sprint honetan helmuga ikusi eta ia ukitzen ari gara, ondorioz, helmuga hori anestesia gisa erabili behar dugu agertzen diren miñei aurre egiteko eta partidatako krisialdiak gainditzeko”.
Cleba Leónen inguruan, entrenatzaileak dio “jardunaldiak pasatu ahala hobetzen joan da”. “Entrenatzaile berriak eskatzen duenari moldatzen kostatu omen zaio, baina talde bizia da, Raquel Caño golegilea, Cristina atean eta Ilina piboteak hiruki garrantzitsua osatzen dute” azaldu du.
Halere, Reyes saiatzen da “gure taldean arreta guztia jartzea eta gakoa da eginkizunean sakondu eta ez markagailuan”.
Castelldefelsen lorturiko hamar golei esker, Bera Berako kapitaina emakumeen eskubaloi ligako 22. Jardunaldiko golegile nagusiena izan da. Hirugarren aldia da denboraldi honetan Matxalen Ziarsolok horrelako markari heldu diola. Aurrena iragarpena gisa izan zen, Jorge Dueñas lekuko, Etxebarrin Kukullagaren aurka. Hautatzaileak bigarrena ere ikusi zuen, Kopako finalean, Rocasaren aurrean Porriñon.
Garako kazetari Juan Carlos Elorzak bildutako datuen arabera, orain arte Matxalen Ziarsolok birritan heldu zen hamar goletara partida batean, 2005-06 denboraldian Lizarrerian Itxakoren aurka eta hurrengo urtean Tenerifeko Quintercon Perdoma taldearen aurrean. Partida guztiak, Bidebietatik at.
Marka hauek kapitainaren kalitatea eta egungo sasoi fisikoaren ispilu dira. Taldeko golegile nagusiena da Ligan, 116 golekin, Eli Pinedok 105 sartu ditu eta Patri Elorzak, 79. Halere, lehiaketa guztiak hartuta Pinedo da 173 golekin –Matxalenek baino bederatzi gol gehiago- taldeko golegile nagusiena.
1.065 gol
Bera Berarekin mila goletara iritsi zen Matxalen Etxebarrin. Lehiaketa guztiak bilduta: liga, kopa, Superkopa eta Europakoak 1.065 gol daramazki: 825 ligan, 146 Europan, 80 Kopan eta 14 Superkopan, hain zuzen. Zenbaki hauek Bera Berako golegile nagusi ondoan kokatzen dute Matxalen, hau da, Tati Garmendia eta Esme López jokalari historikoen ondoan.
Liga amaitzeko lau partida gelditu arren, Matxalenek bere marka guztiak gainditu ditu 116 golekin. 103 gol sartu zituen 2006-07 denboraldian; 105, 2006-07an; 92, 2006-07an eta 91 2008-09an.
Matxalen aurtengo 34 partidatan egon da, A Guardan baino norgehiagoka guztietan nabaritu da bere ekarpena, Galizan aurreneko minutuetan mina hartu baitzuen.
Bataz beste, partidako 5,27 gol egin ditu ligan. Gabonak ostean, urtarrilean, Reyes Carrere eta Martin Larrañagak Eli Pinedo aurreneko lerroan kokatzen hasi ziren ezker albokoaren ardura guztia kapitainari emanez.
Zenbakiek entrenatzaileei arrazoia eman die. Ligako aurreneko hamar partidatan Matxalenek 35 gol sartu zituen eta Eli Pinedo, 62; hau da, bien artean 97. Zuazo Barakaldoren aurkako partidatik hona –ia itzuli osoa- kapitainak 81 sartu ditu eta olinpikoak, 41 –Elik lau partida galdu ditu-, bien artean 122, alegia.
Egia Bera Bera senior taldeak ligan ibilbidea irabazten amaitu zuen Gasteizen IES Construccion 23-30 gaindituz. Beste garaipena Bidebietan eman zen larunbatean, Gipuzkoako txapelketan Bera Bera Egia Infantil Bi taldeak 20-11 irabazi zion Aloña Mendi D taldeari.
Kadete eta infantil Bat taldeek jaso zituzten porrotak. Bera Bera Egia kadete 2 taldeak 13-17 galdu zuen Urnieta Mecanizados Kamox taldearen aurka eta Errenteria Bera Bera Egia infantil Batek 21-16, Ereintza Aguaplasten aurrean.
Datorren asteburuan, Euskal ligan aritu diren kadete nahiz jubenilek Kopari ekingo diete.
Bera Berak derrigorrezko garaipen bat eskuratu du ohorezko mailan aritzen den 700. partidan, Esportiu Castelldefels 22-29 gaindituz Can Vinader kiroldegian buruturiko norgehiagokan.
Donostiarrek ez zioten lehenengo zatia aurkariari oparitu. 6-0 defentsan, Pinedo, Elorza, Núñez eta Ederra erdian, Reyes Carrerek Arizaga, Pinedo eta Elorza jarri zituen erasoan. Handik gutxira Dunayk andoaindarra ordezkatu zuen eta Alba Menéndezen lizarrakoa defentsan.
Bera Berak erasoa landu zuen. Pinedo, Ederra, Elorza eta Ziarsolok birritan - jokaldian eta kontraerasoan- asmatu zuten 2-5 aurrea hartuz 8. minutuan. Halere, Castelldefelsek berdintzea lortu zuen Gilen bi kontraerasoei esker.
Donostiarrek erasoa luzatu zuten eta defentsan arazoak zituzten Gómez pibote eusten. Golak eman dira ate batean zein bestean baina 6-0 defentsak etekinak eman dizkio Bera Berari. Castrok lapurturiko baloi batek Menéndezek aprobetxatu du kontraerasoan 9-10 jarriz (17. Min). Hortik aurrera Bera Bera ez du berdinketarik jasan Matxalen Ziarsolok penaltiz asmatu duelako. Halere, zutoinek aldea zabaltzea galerazi diete donostiarrei (11-14, atsedenaldian).
Bigarren zati hasiera erabakiorra izan da. Bi penaltiei esker Castelldefels gerturatu da 13-15 baina Pinedo, Ziarsolo, Elorza eta Dunay jokalariei esker, Bera Berak 0-4 partziala gauzatu du (13-19, 36. min). Bera Berak partida ondo kudeatu du tartea eta aurkariarekiko aldea handitu du Ziarsolok zazpi metroetan asmatzen jarraitu duelako, kontraerasoetan ere bai, eta Pinedo gehitu zaio (16-24, 48. min).
Azken minutuetan defentsak lasaitu egin dira eta golak trukatu dituzte batzuk eta besteek.
Valentzian jasotako porrota ostean, Bera Berak sendotasun itxura eman du Castelldefelsen. Elche Mustang eta Rocasak lortu dituzten garaipenek ez dute lasaitasunerako paradarik uzten baina taldeak helburuan sinisten du. Lau final gelditzen dira, hurrengoa larunbatean, apirilak 20, Bera Berak Bidebietan (19etan) Cleba Leon hartuko duelarik.
Fitxa: Castelldefels 22, Bera Bera 29
E. Castelldefels 22 (11+11): Lladro, Gil (5), Manaut (1), Pérez, Boada (3), Gómez (6, 5p) eta Moreno –titularra- Sans (2), Cadens, Alfaro (2), Noelia, Royo (1), Espinola (2) eta Bolstad (p.s.)
Bera Bera 29 (14+15): Zoqbi, Castro (1), Elorza (2), Núñez (2), Ederra (3), Pinedo (7) eta Ziarsolo (10, 4p) –titularra- Arizaga, Dunay (3), Menéndez (1) eta Altuna.
Epaileak: Agatha Gracia –katalana- eta Vanesa Pérez –galiziarra-
Kanporaketak: Sans Castelldefelsetik eta Pinedo (2), Elorza, Altuna eta Castro Bera Beratik
Partzialak: 2-2, 4-5, 8-8, 10-11, 10-13, 11-14 –atsedenaldia- 13-18, 14-20, 16-23, 16-24 eta 22-29.