Astean zehar entzun diren ahots guztiek diote “emozioak alde batera utzi behar ditugu jokuari burubelarri ekiteko” Reyes Carreren hitzetan edo “partida iristeko irrikan gaude” ez du izkutatu Matxalen Ziarsolo kapitainak.
Bihar “partida dagoela” barneratua dute, izan ere, “oraindik ez gara txapeldunak, puntu bat falta zaigu eta aurkaria errespeta ezean partida galtzeko arriskua handiago litzateke” azaldu du Reyes Carrerek.
Matxalen Ziarsoloren ustez “sasoi onean iritsi gara, nahiz eta denboraldi amaierako ohiko minak agertu nonnahi, halere, dakigun moduan jokatuko dugu azken partida”.
Horrela, bihar 19etan –partida guztiak ordu berean- Bera Berak Castro Urdiales izango du aurrean -Agatha Gracía (Katalunia) eta Vanesa Pérez (Galiza)-. Azkena izan arren, Castro Urdialesek norgehiagoka berezia burutu nahiko du eta zailtasunak eman zizkion BM Rocasari duela hiru aste.
Bera Berako plantilla osoa Pachi Torre kiroldegira abiatuko da, Verónica Cuña eta Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia gazteak, barne. Taldeak ez du bidaia bakarrik egingo, Erreka Laranja peña eguna pasatuko du Castro Urdialesen eta zalego asko kotxez gerturatuko da. Merezi du.
Bera Bera Eskubaloiko harrobiko arduradun Verónica Valverdek, Maria Gracia eta Susana Pozas entrenatzaileek zuzendu zuten saioa. Zegokien mailaz banaturik, gazteek eskubaloiarekin gozatu zuten Bidebietan.
Bera Berak horrelako ekimena maiatza eta ekaineko astelehenetan burutuko du 18,30etatik 19,30etara eta ekainean ostiraletan (17,30etatik 18,30etara) ere bai.
Cárnicas Guikar enpresarena izan zen ideia: orain hilabete batzuk klubarekin harremanetan jarri zen-eta, aipatu eskaintza eginaz Txuleta jatetxearen laguntzarekin.
Cárnicas Guikarreko buru Jesús Sainzen hitzetan, “egiten ari ziren denboraldia ikusirik, horren zoragarri eta horrelako gorakako ibilbideaz, euren lana eskertzeko egokiena denboraldi amaieran afaria eskaintzea zela otu zitzaigun”.
Txuletako nagusi Ander Esartek, gipuzkoar kirolzale porrokatua izaki, ez zuen zalantzarik izan: “Emakumezkoen kirola bultzatu behar genuen, eta, gainera, horren emaitza onak eskuratuta, ez soilik aurten, aurreko urteetan ere bai; ekimen polita zen oso”.
Esarteren aburuz, gainera, “ideia ona zela pentsatu genuen liga amaierarako. Hori gutxi balitz, ikaragarrizko ibilbide honi larunbatean eskuratuko duten Liga titulua gehitu behar zaio. Izugarria izango da”.
Cárnicas Guikar –San Sebastián Gastronomikako Parrilla Lehiaketako txapeldun izandakoa iaz Txuletarekin batera- eta Bodegas Mitarteren produktuekin prestatuko dute afaria, esklusiboki Bera Berari zerbitzatuko zaiona. Aurretiaz, afaldu baino lehen, tabernan Grandin xanpain botilak zabalduz ospatuko dute denboraldia.
Bere aldetik, Bera Bera Eskubaloiak “Cárnicas Guikar eta Txuleta Jatetxearen ekimena eskertu nahi du” eta, horrez gain, “larunbat honetan Liga irabazteko aukera gauzatzea, denboraldia borobildu eta gau berezia izan dadila”. Bera Berak Castro Urdialesen jokatuko du larunbatean 19etan eta berdinketa batekin Liga aurreneko aldiz eskuratuko luke.