Bidebietako kiroldegian bihar 19:00etan denboraldi honetako azken partidua jasoko du, ligako azkenaurrena. Bera Berak Vicar Goya jasoko du, lehen mailan bere jarraipena jokatzen ari den taldea, baina donostiarrek ere badauzkate gauzak jokoan. Taldeak Europan jokatzeko txartelari dirdira eman nahi dio bere zale fidelei garaipena eskainiz.
Denboraldia neurri batean luzea egiten ari zaio Bera Berari, baina hala ere urtea bikaina izatean ari da. Bi jardunaldi faltan Europarako txartela ziurtatu du matematikoki, eta orain helburua ahalik eta gorenen bukatzea izango da, sariak desberdinak izan baitaitezke.
Horretarako ezinbestekoa da bihar Bidebietan jokoan jarriko diren puntuak lortzea. Klubak partidua euren zaleentzat eta taldearentzat festa bat izatea nahi du, baina horretarako beharrezkoa da Bera Berak lehia irabaztea. Ilusioz beteriko denboraldi bati agur esateko modu ezinhobea litzateke. Reyes Karrere entrenatzaileak argi duena da “taldeak ez du porrotaren zaporearekin denboraldia bukatzea merezi. Taldeari dagokion moduan amaitu behar dugu. Gainera irabazten amaitzeak sendotasun sentsazioa ematen du”.
Helburua bete egin da, eta Karrererentzat honek taldeari liberatzeko balio behar dio: “orain arte presiopean jokatu dugu beti. Helburua beteta, gure beharra da beste freskotasun bat erakustea, poztasun eta sakontasun gehiagorekin jokatzen lagunduko digun erlaxazioa edukitzea. Etxeko lanak eginak edukitzea ona izan behar da taldearentzat”.
Egutegia oso gogorra izaten ari da Bera Berarentzat, jokoan gauza asko dituzten taldeen kontra aritzea tokatzen ari baitzaie. Duela zazpi egun Ro Casa izan zen, eta orain Vicar Goya, sekulako beharra duen beste talde bat. Bi partiduek duten parekotasunagatik galdetuta, Bera Beraren entrenatzaileak uste du “diferentzia nagusia etxean arituko garela da, non oso indartsuak garen. Argi dago gure intentsitate maila askoz ere handiagoa izan behar dela, eta espero dut Kanarietan jasotako egurrak ikasteko balio izana”.
Karrerek Vicar “erasokorra” espero du. “Ez dute beste aukerarik. Dena ari dira jokatzen. Defentsan joku modu asko dituen taldea da, alternatiba asko dauzka. Alesia Kurchankova da taldeko liderra, gidaria nolabait. Garrantzitsua izango da hau gelditzea. Baita gure jokalari ohia Ana Petrinja, kanpoko jaurtiketa bikaina duena, eta taldeari sakontasuna ematen diona”.
Ea Bera Bera duen onena emateko gai den, horrela zaleei garaipena eskaintzeko. Ziur bihar Bidebietara hurbiltzen diren guztiek primeran pasako dutela, eta bertan egongo den festa ez dutela ahaztuko. Europara ez da egunero joaten.
Sekulako asteburua izango da aurretik daukaguna, Bera Beraren harrobiko talde guztiek partiduak izango baitituzte, eta kasu batzuetan gainera, bi izango dira jokatuko beharreko lehiak.
Jokatzen lehenak B taldeko infantilak izango dira, bihar bertan Bidebietan jokatuko baitute arratsaldeko 17:00etan. Egia izango dute arerio. Gipuzkoako txapelketaren azkenaurreko partidua izango da. Larunbat goizean jada, infantiletako A taldeak Donostiako Gasca kiroldegian Federópticos Ikus Elgoibar hartuko du 10:30etan.
Bestalde, kadeteek eta jubenilek Gipuzkoako Kopan bi partidu izango dituzte aste bukaera honetan. Pasa den astean izan zuten hasiera bikainaren ondoren, orain bi lehia edukiko dituzte sailkapenaren buruan ezartzeko.
Larunbatean 16:00etan jokatuko dute bi taldeek lehenbizi. Kadeteek Zarautzen arituko dira Bartolo Jatetxearen kontra, eta jubenilak Usurbilera joango dira etxeko taldearen kontra jokatzeko. Jokatu eta ez da atsedenerako betarik egongo, hurrengo goizean, 10:00etan, beste bi lehia izango baitituzte. Kadeteek Lauko Elgoibar jasoko dute Bidebietan eta jubenilek Egian jokatuko dute Andoaineko Leizaranen kontra.
Senior taldeko nagusiek ere partidua izango dute atsedenaldiaren ondoren. Gipuzkoako Kopan baita ere, Atez Ate Usurbil indartsuaren kontra arituko dira Bidebietan 16:00etan larunbat arratsaldean.
Hau guztia gutxi balitz bezala, Bera Bera eskolako neska-mutilek Larramendi Ikastolak antolatutako Txapelketan parte hartuko dute. Mungian ospatuko da larunbatean goiz oso zehar. Txikiak gogoz gainezka daude eta ziur primera pasako dutela.
Hurrengo larunbatean 19:00etan Bera Berak denboraldiko azkenaurreko partidua jokatuko du, Bidebietan ospatuko den azkena. Vicar Goya izango da arerioa, eta era berean lehia zaletuekin Europara bueltatzearen lorpena ospatzeko aukera izango da.
Denboraldi bikain baten ostean, Bera Berak pasa den asteburuan lortu zuen azkenean Europan jokatzeko sailkapen matematikoa. Azken hamarkadan ohitura bihurtu zen hori, pasa den urtean ez zen lortu, eta horregatik berriro ere helburua batetzea pozik egoteko arrazoia da. Bera Bera dagokion tokira itzuliko da, honenbestez.
Jokalariek lortutakoa oso garrantzitsua da, Gipuzkoan oso klub gutxik lortuko baitute probintziaren eta hiriaren izena Europan goi mailan defenditzea. Horregatik, protagonistek merezi duten txalo zaparrada jaso behar dute larunbatean.
Denboraldiko azken hitzordu hau ezin da inola ere galdu, eta festa bat izan behar du. Gaur egun Europan lehiatzea lorpen handia da Bera Bera bezelako talde batentzat, eta horregatik asko baloratu behar da lortutakoa. Taldeak eta zaleek ziur behar bezala ospatzen dutela, garaipena lortu ondoren.
Izan ere, gauzak oraindik ez dira bukatu, asko baitago jokoan. 3º sailkatuak Errekopa jokatuko du, eta 4º eta 5ºak EHF kopa. Baina argi, Itxakok Txapeldunen Liga irabazten badu, 3ºak Championsa jokatuko luke, 4ºak Errekopa, eta 5º eta 6º EHF kopa. Honenbestez, bukaera arte dena ematea tokatzen da.
Pasa den asteburuak oso balantze positiboa utzi zuen partidua izan zuten Bera Beraren taldeentzat. Kadeteek eta jubenilek Gipuzkoako Kopako ibilbidea behar bezala hasi zuten, bi garaipen ederrekin, etorkizunari baikortasunez begiratzeko.
Larunbat goizean Egia-Bera Berako jubenilek Pulpo erraz garaitu zuten Egiako kiroldegian. Hasieratik gure neskak partiduaren jabe izan ziren, eta azkeneko emaitzak argi agerian uzten du egindako lan ona: 34-23.
Jubenilek lan txukuna egin bazuten, baita kadeteek ere. Bidebietan larunbat arratsaldean jokatutako lehian ikusi zenaren arabera, Bera Berak aukera asko izango ditu Kopa honetan irabazle izateko. Izan ere, ez zuten arazorik izan Aloña Mendi A 27-12ko emaitzarekin garaitzeko.
Luzea egin den geldialdiaren ostean, Bera Berak ligako partidua izango du berriro ere bihar Las Palmasen (18:30). Bertan Ro Casaren kontra arituko da, liga amaitu baino lehen jokatuko dituen azken hiru partidutako lehenengoa. Taldeari puntu bakarra falta zaio Europara bueltatzeko, eta hori lortzea ez litzateke gehiago luzatu behar.
Bera Berak partidua gogoarekin hartuko du, bi aste baino gehiago igaro baitira Itxakok Bidebietan irabazi zuenetik. Hala ere, atseden hartzea ondo etorri zaio taldeari, bere entrenatzailea den Reyes Karrerek esaten digunaren hildoan “egia esan ondo etorri zaigu galditzea, atseden hartu eta deskonektatzeko, eta horrela pilak kargatzeko. Talde bezala berriro ere aurkitzeko ondo etorri zaigu, eta entrenamenduetan bakarrik landu ditzazkegun gauzak egiteko. Taldea ondo ikusten dut, konfiantzarekin”.
Tentsio handiko partidua izatea espero da, Ro Casak asko baitu jokoan, maila ez galtzea hain justu. Sarrera dohainik, zaletuei deialdia... kanariarrentzat finala izango da biharkoa, baina Bera Bera onenak azkenaurreko sailkatua gainditzeko ahalmena du. Hori bai, intentsitatea eta kontzentrazioa ezinbestekoak izango dira. Karrerek badaki zer aurkituko duten “ez dago maila babestea bezain beste motibatzen duen faktorerik, ezta txapeldun izatea ere. Badakigu zer edukiko dugun aurreran, eta prestatuak gaude, egutegia ezagututa bagenekielako zer aurkituko genuen bertan. Hala ere, partidu hau ez da definitiboa ez batentzat ez bestearentzat”.
Argi dago, konpetizioaren garai honetan salbazioagatik borrokatzen ari diren taldeak hobeto sailkatuak daudenak baino arriskutsuagoak izan daitezke. Beharrak bultzatu egitun du, eta Kanaria Handiko pabeloi txikia infernua bilakatu daiteke, Kopan ikusi zen bezala. Saguntok eta Itxakok bere gain sufritu zuen faktore hau, ligan nabarmen galdu baitzuten bertan. “Oso kantxa zaila da, non jendeak asko animatzen duen. Kopan ikusi zen nolako giroa dagoen bertan. Gainera oso talde indartsua dira fisikoki, oso intentsoa, eta fitxaketa berriekin asko irabazi dute” dio Karrerek.
Europara itzultzeko behar den azken puntua lortzea ez da erraza izaten ari, baina badirudi biharko partidua helburua lortzeko aproposa dela. Elchek Eldari irabazten ez badio, helburua lortuta legoke, baina hobe donostiarrek euren egin beharrak betetzen badituzte. Irabazteko errezeta bakarra du Reyes Karrerek “beraiek baino hobeto jokatzea. Ez dago besterik. Haiek baino hobeto egiten baditugu gauzak, garaipena lortuko dugu”. Horrela izan dadila.