“Rocasari irabaziz gero sei puntuko aldea eta average lortuko genuke. Partida zailak gelditzen zaizkigu baina Rocasai ere bai, beraiekiko urrats garrantzitsua izango litzateke, ez da erraza izango baina partida hauek oso ondo jokatzen ditugu” adierazi du Bera Berako entrenatzaile Imanol Álvarezek komunikabideen aurrean.
Zentzu honetan, aipatu du “kanariarrek irabazteko behar gehiago dute, ez badute lortzen oso zaila ikusten dut abantail hori galduko dugunik”. Bere ustez, “oso erronka garrantzitsua bezain polita da, jokalari guztien gustokoa” eta partidari begira ematen diren baldintzak egokiak ikusten ditu, aurkari zuzena da eta etxetik kanpo delako. “Talde ona bagara, han partida ona jokatu behar dugu” azpimarratu du.
BM Rocasari buruz dio “Ligako erasorik onena du, jarraipena ematen dio, buruz jokatzen dute”, halere ziur dago “gure defentsak aurre egingo diola”. Horrez gain, “lasaitasuna eta patxada” eskatzen dio taldeari eraso posizionalean, entrenaldietan lantzen ari direna. Imanol Álvarezek onartu du Mecalia Guardésen aurka bere taldea “estu, presazko jokuarekin, aukera onenak aukeratu gabe”, era berean, “Guardesen defentsak gure akatsak eragin zituen” eta ahalegindu da “hori guztia zuzentzen Rocasaren aurka partida on bat jokatzeko”.
Rocasaren aurka bi norgehiagoka jokatu ostean eta lehengo asteburuan Errusian Lada Togliattiren aurka EHFko finalzortzirenetan galdutako (28-30 eta 26-16) bi partida ikusi ondoren, Bera Berako entrenatzaileak berresten du “aipagarriena da taldean egiten duten jokua”. Halere, ziur da “gauzak ondo egiten baditugu, irabaziko dugu”.
Sailkapenean duen aldea kontutan hartuta, berdinketa bat edo lau goleko abantailari eusteko average ziurtatzeko galdeturik, Imanol Álvarezek dio “guri oso ondo datorkigu partida hau irabaztea hurrengo norgehiagokei heltzeko, gure lana berresteko, hau da, irabazi behar dugu bai ala bai. Eta gai gara. Talde indartsua da, gure aurka izan dituzten azken partidak direla eta motibaturik aterako dira oso baina lider gara eta Liga irabazi nahi duenak pista honetan irabaztera atera behar da”.
María Núñez: “Guri irabazteko irrikitan daude”
Bestetik, Maria Núñez piboteak jakin badaki “partida zaila izango da, etxean jokatzen dutelako eta gu gainditzeko irrikitan daude azkeneko partidak direla eta”. “Oso puntu garrantzitsuak dira, irabazten badute goiko postuetara itzuliko dira; aitzitik, guk ez dugu behar hori sentitzen, ondorioz, lasai joan behar dugu”.
Entrenatzailearekin bat egiten du adierazten “Rocasak Ligako eraso jokurik onena duela, horregatik gure defentsak %200a eman behar du”.
María Núñezek onartzen du “badakigu zer topatuko dugun han”, Europako kanporaketa ostean “Rocasa gogo biziz aterako da, etxean jokatzeak gehiago ematen dizu, oso pista zaila, da zalegoak asko animatzen du eta epaileak onak dira”. Ondorioz, baldintza guztiak partida on bat ikusteko, larubatean Teldeko Antonio Moreno kiroldegian (19,30etan Donostian).
Bera Bera Eskubaloiko harrobiko taldeen artean senior mailan baino ez da jardunaldi jokatuko. Bihar izango da Bidebieta kiroldegian 18etan eta Maria Grancia entrenatzailearen taldeko aurkaria Zumaiako Asador Basusta Pulpo izango da.
Bertan Uxue Ezkurdia egongo da, Kanarietako deialdian sartu ez dena. Bera Bera senior lidergoa berreskuratzen saiatuko da Usurbilek Zarautzen partida gogorra duelakoan.
Bestetik, euskal ligako bigarren faseko egutegia zehaztu da kadete nahiz jubeniletan. Bera Bera datorren larunbat -otsailak 15- goizean Etxebarrin jokatuko du. Aloña Mendi eta Elgoibarren aurka ere arituko dira Maria Gracia eta Verónica Valverderen neskak. Horrela izan zen kadete eta jubenilen ospakizuna lehengo larunbatean Barakaldon.
Nitsan Dunay eta Maitane Etxeberria deialdian sartuta, Uxue Ezkurdiaren ordez, hasi du gaur Bera Bera Eskubaloiak Bilbotik Kanarietara Madriletik egin behar duen bidaia.
Gipuzkoarrek lau puntuko aldea dute Rocasarekiko, biharko aurkaria, egun hirugarren sailkatua. Ondorioz, partida erabakiorra da. Horregatik, jokoan diren bi puntuaz gain, gol average delakoa kontutan hartzekoa da. Bera Berak 25-21 irabazi zuen Bidebietan eta alde izatea sailkapenean balizko puntu bat gehiago suposatzen du.
Partida Óscar Raluy y Ángel Luis Sabroso kanariarrek zuzenduko dute, pasa den urtarrilean Danimarka eta Frantziak Eurokopako finaleko epaileak.
Bera Bera “Ligako erasorik onenari aurre egiten saiatuko da”. Rocasak Trojaola galdu du datozen asteetarako eta bere ordez Peña edo Albadalejo arituko dira. Imanol Álvarez entrenatzaileak “defentsa ona egitea” espero du eta eraso jokoari “lasaitasunarekin heldu aukera onenak aurkitze aldera”.
2010 eta 2011 urteetako porroten ostean –bietan Rocasak 30 gol baino gehiago-, azkeneko bi urtetan Bera Berak 22 eta 20 goletan utzi dituzte kanariarrak (22-33) eta (20-26). Azken emaitza honekin, gipuzkoarrak lidergoan kokatu ziren partida ostean jardunaldi horretan hirugarrenak izanik.
Alcobendas hiriak hartuko du martxoaren 13tik 16ra bitartean Kopako XXXV. edizioa Espainiako federazioak, Balonmano Alcobendas kluba, Udala eta Madrilgo Komunitateak adostu duten hitzarmena medio.
Lehiaketa honi begira Bera Bera eta Helvetia Alcobendas izango dira zerrenda buruak zozketan, izan ere, lehenengo itzuli amaieran sailkapenean lehenengo eta bigarrena izanik, ondorioz, donostiarrak balizko finalean baino ez dira madrildarrekin topo egingo. Zozketan (ez dago zehaztuta noiz den) izango dira Rocasa, Mecalia Atlético Guardés, BM Porriño, Elche Mustang, Zuazo Barakaldo eta Mar Alicante.
Horrela, final-laurdenak (martxoaren 13an edo 14ean) Amaya Valdemoro eta Pabellón de los Sueños kiroldegietan ospatuko dira, azken hau Helvetia Alcobendasen ohiko pista. Era berean, final-erdiak (martxoaren 15ean) eta finala (martxoaren 16an) Amaya Valdemoro kiroldegian burutuko dira, 2.300 lagunentzako lekua duena.
Atzo goizean iritsi zen Maitane Etxeberria eta Ainhoa Etxeberria jubenil mailako Gipuzkoako selekzioak burutuko duen entrenaldira joateko deialdia. Berau Zumaiako Lubaki kiroldegian izango da igandean 10etatik 12ak bitartean.
Saioan ez da Maitane Etxeberria izango, lehen taldearekin Kanarietan jokatuko baitu larunbatean eta igande eguardian iritsiko da Donostiara.
Eta gaur iritsi da kadete mailako deialdia, Bera Berako bigarren entrenatzaile Martin Larrañagak burutua. Bertan izango dira Irati Camino eta Elene Vázquez, Donostiako La Salle kiroldegian, 16etatik 18ak bitartean entrenaldia burutze aldera.
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, Irati Camino jaurtitzen eta atzean Elene Vázquez.