“Nekatuta baina oso pozik izan dugun errendimenduarekin” onartu du, izan ere, Bera Berak aise gainditu du EHFko kanporaketa Italiako txapeldun Jomi Salernoren aurka, bi partidak Donostiatik at jokatu arren. Bera Berako entrenatzaile Aitor Etxaburuk dio “gozatzeko uneak bizi izan ditugu”.
Gipuzkoarrak etxetik kanpo sei egunetan izan dira Málagan ligako partida irabazi zuten (17-36) eta arestian aipaturiko EHFko kanporaketa Italiako hegoaldean (57-39).
Arlo teknikoa osatzen dutenentzat aurreneko bidaia zen Europara. “Esperientzia positiboa izan da, bidaiak gogorrak dira baina elkarrekin bizitzeko ez dugu aukerarik, taldea elkartzen den unea da eta garaipenak edo porrotak hobeto hartzen dira” azaldu du Etxaburuk.
Hiru garaipen eskuratu arren, Etxaburu gustora dago “emaitzaz gain, garrantzitsuena da jokalari guztiak partehartu dutela eta elkarbizitza”. “Jokalari guztiak dira garrantzitsuak, hasieran minutuak banatu genituen baina une batean errotazioak gelditu nituen. Zorionez –jarraitzen du entrenatzaileak- hiru partida hauetan minutuak banatzeko aukera izan ditugu, ez opari gisa, partidari erritmo altua ezarri nahi diogulako, errotazioak behar dira eta horrelako erabakiak hartzeko gai garelako”.
EHFko kanporaketaren inguruan, Etxaburuk onartu du “hain ondo irtetea ez nuen espero, arazo gehiago aurreikusi genuen”. Bere ustez, “aurreneko partidan egon da gakoa, hasierako minutuak zoragarriak izan ziren eta partida eroso izan zen aurkaria bere etxean lur jota utzi genuelako”. “Hori eskarmentua da, gure jokalariek dutena, bigarren partida Jomi Salernok joanekoan baino talde hobea zela frogatu zuelako” gaineratu du.
Asteartean burutuko den final-zortzirenetako zozketari begira, Etxaburuk jakin badaki “aurkari handiak izango ditugu aurrez aure eta ezin dugunez aukeratu gutxienez bidai erosoa nahi dugu, ligako partida Granollersen dugu eta Bartzelonatik bidai egitea ez da plan txarra”.
EHF Cupeko final-zortzirenetako txartela eroso lortu ostean, Italiako txapeldun Jomi Salerno 57-39 gaindituta, Bera Bera Eskubaloiak asteartean ezagutuko du hurrengo aurkaria, izan ere, zozketa Vienan 11etan izango delako.
Halere, Hungarian eta Kroazian abenduan ospatuko den Eurokopa dela eta, hurrengo kanporaketako joaneko partida 2015eko otsailaren 7 edo 8an burutuko da eta 14 edo 15ean itzulera.
Zozketan 16 talde izango dira, azkenekoetan, uztailakoan zerrenda buruak izan zirenak, hain zuzen. Orokorrean taldea hauek aise gainditu dute kanporaketa, baten batek amaieraino sufritu badu ere, horien artean, Parisko Issy taldeak 48-46 irabazi zion Turkiako Ankara Yenimahalleri eta Suediako H65 Höör taldeak hiru golez gainditu du Ukrainiako Karpaty taldea. Lanean gogor aritu ziren Rocasa Lugiren aurrean (53-47), Bayer Leverkusen taldeak Poloniako Metraco Lublinen aurka (58-52) eta Errusiako Rostov taldeak DHK Banik txekiarra gainditzeko (48-41).
Aitzitik, kanporaketa erosoena Danimarkako Team Tvis Holstrebrok izan duena Dudelange taldearen aurka (95-37). Luxemburgoko taldea, Spono suizarra eta Bera Berak izan duen Jomi Salerno taldeak, hauek 39 golekin, izan dira gol gutxien egin dutenek.
Final-zortzirenak
Vienan burutuko da final-zortzirenak osatzeko zozketa asteartean. Azkeneko kanporaketa izango da EHFk zerrendaburuak ezartzen dituena. EHFk egindako rankinaren arabera Bera Bera bostgarren lekuan dago Errusiako bi taldeen atzetik –Lada egungo EHFko txapelduna eta Rostov-, Danimarkako Team Esbjerg eta Errumaniako ASC Corona 2010 Brasov. Gipuzkoarren atzetik dira Issy Paris, Hungariako Erd HC eta Alemaniako Buxtehuder. Zortzi talde hauek multzo batean kokatuko dira.
Eta bestean aurkari gogorrak. Ligako liderra den Rocasa esate baterako. Horrez gain izango dira Errusiako Astrakhanochka (egun laugarrena bere ligan); Danimarkako Team Tvis Holstebro (hirugarrena), Errumaniako HC Dunarea Braila (seigarrena), Alemaniako Bayer Leverkusen (seigarrena) edo Suediako H65 Höör (bigarrena). Akaso, besteek baino maila ahulago izango dute Hungariako Dunaujvorosi (bostgarrena) edo Turkiako Muratpasa BSK (hirugarrena).
Kanporaketa pasatu ostean Aitor Etxaburuk eginiko adierazpenetan “aurkarien zailtasuna” onartu du eta “ahal balitz Bartzelonatik irtetako bidai erosoa”. Izan ere, otsailean EHFko joanekoa joka aurretik, Bera Berak ligako partida aurreratu beharko du Granollersen aurka eta horren ostean Bidebietan Adesal Córdoba hartu eta itzulera jokatu. EHFa amaiturik, urtarrilaren 10ean jokatu beharreko Kopako kanporaketa gaindituz gero (oraindik ez da multzoa osatu) jarraian ekin beharko dio final-zortzirenei –otsailaren 20tik 22ra bitartea- iaz bezala, hiru egunetan.
Bera Bera Eskubaloiko harrobiko taldeen asteburuko emaitzetatik azpimarragarrienak izan dira Etxebarrin kadete taldeak lortu duen garaipena eta seniorrena, Egian. Aurrenekoek Kukullagaren aurka irabazi zuten 14-28 eta seniorrek 8-24 Egia Arrano Elkarteari. Bestetik, jubenil taldeak 29-23 galdu zuen Autobuses Juantxo Kukullaga taldearen aurrean.
Era berean, infantil mailan, mutilek 18-23 galdu zuten Amenabar C taldearen aurka eta neskek 5-26 Aiala C ZKEren aurrean.
Eta lurralde mailako kadete taldeak 13-34 galdu zuen Usurbil Aren aurka.
Juan Antonio Garaikoetxearen argazkian, Leire Sorondo infantil mailako jokalaria.
Gaur goizean Vienan burutu den EHFko zozketan final-zortzirenetan Bera Berari Turkiako txapeldun Muratpasa Belediye taldea egokitu zaio, Turkiako helgoaldean Antalya Mediterraneo Itsaso etzean kokatzen den hiriko taldea, alegia. Gipuzkoarrak etxean arituko dira otsailaren 7 edo 8an eta hurrengo astean bidaiatu egin beharko dute (otsailaren 14-15).
Gainditu berri den hirugarren txandari dagokion kanporaketan, Muratpasa Belediye aise nagusitu zitzaion (62-41) Femina Vise belgiarrari, pasa den asteburuan Antalyan jokatu diren bi partidetan.
Turkiako txapelduna egun hirugarrena da ligan baina partida bat gutxiago du bigarrena den Ankara Yenimahalle taldearen aurka jokatu behar duena. Ankarako taldeak estu hartu zuen Issy París (48-46) EHFko kanporaketan. Muratpasak bost partida irabazi ditu ligan Ardesen Gençlik liderraren aurka galdu du bakarra. Batez beste 32 gol baino gehiago sartu ditu eta, Ankararekin batera, gol gutxien jaso ohi duena (23,5).
Plantillan Turkiarekin hiru jokalari internazionala dira eta bost atzerritar. Horien artean, Olga Laiuk, 30 urteko ukraniar internazionala, eskuin albokoa Sagunton jokatu zuena (09-10) eta Bera Berak gertu jarraitu zuena orduan. Antalyan laugarren denboraldian betetzen ari da eta belgiarrarren aurka joanekoa jokatu arren, 11 gol egin zituen. Eskarmentu handiko jokalaria, Europan 2001-02 denboraldiaz geroztik jokatu du talde ezberdinekin, gainera bere selekzioan leku finkoa du eta Hungaria eta Kroaziako Eurokopan egongo omen da da B multzoan.
Horrez gain, Muratpasako plantillan Mazedoniako selekzioko bi kide dira, biak Metalurg taldetik Antalyara joan berri direnak, Zorica Despodovska ezker albokoa eta Dushica Gjorgjievska zentrala, abenduan 23 eta 27 urte beteko dituztenak.
Pibotean 26 urteko Martina Pavic kroaziarra dute eta lehenengo lerroan 33 urteko Tanja Vuckovic serbiarra. Serbiako Zajecar taldetik, aurrenekoak hirugarren denboraldia betetzen ari da eta serbiarra, lehenengoa.
Turkiako selekzioarekin dira 22 urteko Fatma Ay atezaina, 23 urteko ezker alboko Didem Hosgor eta eskuin hegaleko Esin Sagdic. Turkia Espainiako multzoan kokatu zen abenduko Eurokopa jokatzeko sailkatze fasean baina aise galdu zituen Jorge Dueñasen selekzioaren nahiz Holandaren aurka.
Muratpasak eskarmentua eta gazteria nahastu ditu eta jokalari gehienak urteak daramate elkarrekin jokatzen. Antza, indarberritu da aurten, besteak beste, mazedoniako bi jokalariak, Vuckovic, Sagdic eta 20 urteko Cigdem Özcan zentrala fitxatu baititu.
Turkiako txapeldunak ez ditu Europako lehiaketetan emaitza handirik, nahiz eta Challenge Cupetik hasi Champions Leagueko atariraino iritsi den. 2011-12 eta 12-13 denboraldietan Challenge lehiaketako finalera heldu zen eta bertan alde batetik Mios Biganosek gainditu zuen (55-61) eta hurrengoa Le Havren aurka (57-63) galdu.
Horren ostean, Muratpasak Championseko atarian sartu zen, Bera Bera bezala, 2012-13 denboraldian. Turkiarrek aurreneko partida galdu zuten Errumaniako Universidad Jolidon Cluj (26-34) taldearen aurka eta bigarrena Serbiako Zajecarren aurrean (27-35). Cup Winners’ Cupen ezin izan zuten itzulerako partidan sei goleko abantailari eutsi Zagrebeko Lokomotiva taldearen aurka (aurten Championseko multzoen fasean) eta etxetik kanpo gol gutxiago sartzeagatik kanporatua gelditu zen.
Hurrengo denboraldian, 2013-14, turkiarrak Championseko aurreneko txandan galdu zuten aukera, izan ere, Holandako Sercodak Dalfsen taldearen aurka bi partidetan porrot egin zuten kanporaketa osoa Antalyan jokatu arren. Cup Winners’ Cupen aise gainditu zuten Portugaleko Juve Lis 65-41 baina Errusiako Rostoven aurka hirugarren txandan 65-43 galdu zuten.
Aurten Champions Leagueko atarian egoteko gonbidapena luzatu zuen Muratpasak baina, beste talde batzuei gertatu zitzaien bezala, EHFk ez zuen onartu eta, ondorioz, EHF Cupen dabil.
Zozketaren iragartzaile edo ez, donostiarrak Salernotik Napoliko aeroporturaino autobusez egindako bidaian kanporaketako epaile turkiarrekin bat egin zutenez, Aitor Etxaburu zein Gari Garagarzak Muratpasa taldeaz galdetu zieten. Beraien erantzuna argia izan zen, talde ona dute.
Zozketak ez du zapore txarrik utzi Bera Beran. Eskubaloi arloko arduradun Tati Garmendiak uste du “aurkari erraza ez da izango baina zailagoak baziren eta bidaia konplikatuak zituztenak ere bai, hau da, ahulenetarikoa da Muratpasa”. “Taldeak Europako lehiaketan duen ilusioa” berretsi du Garmendiak eta “kanporaketa irekia” ikusten du.
EHF Cupeko final-zortzirentan zehaztuko diren zozketan izango da Bera Bera Eskubaloiaren izena, datorren asteartean, izan ere Palapalumbon 20-28 irabazi dio Jomi Salernori eta kanporaketa osoan, 57-39.
Eta hori partida hasiera desberdina izan dela. Jomik hasierako taldea aldatu du, Beba mazedoniarrak zuzendu du jokua Avram eta Trombetta hegalekoak lagun eta Cassano taldeko Del Balzo pibotearekin lotura errazago eginez. Italiako internazionalak jaurtiketan asmatu du eta Jomik markagailuari eutsi dio (10. min 3-3)
Bera Berak kontraerasoetan izan dituen akatsak lagun, aurreneko zatian bost irteera galdu baitira. Baliabide horrekin asmatzerik ez zegoenez, partidak pasaru ahala, Bera Berak lasaitasunarekin jokatu du eraso posizionaleak. Oraingo honetan Etxaburuk Arizaga jarri du taldea zuzentzen eta Menéndez eta Elorza albokoetan. Ederrak Núñez ordezkatu du erasoan eta Etxeberria eta Pinedo hegaletan. Beroketa ariketetan Ziarsolok belaunean zeozer sentitu du eta jokatzea baztertu du.
Aurreneko zati erdialdean, Bera Berak tartea ireki du Pinedo, Menéndez eta Etxeberria jokalarien golei esker. Defentsa eta Tempranok neurria hartu die italiarrei eta 20. Minutuaren bueltan Etxaburuk Azanza, Arrojeria eta Múgica sartu ditu. Lizarrakoak, Pinedoren beste bi eta Arrojeriak sartutakoarekin donostiarrek partida apurtu dute (23. Min 6-12). Atsedenaldia joan aurretik Pinedo ordezkatuz Arizaga hegaletik pibote postura mugitu da gola eginez, hortaz, ia ostirala bezala (7-15) baina beste era batera.
Bigarren zatian, Zugarrondok Temprano ordezkatu du. Hasieran ez da gehiegi aldatu norgehiagoka baina Ederra eta Elorzaren kanporaketa baliatuz Jomi Salerno gerturatzen eta animatzen hasi da, lau goletara murgilduz kontraerasoen bidez.
Halere, Ederra, Elorza eta hegaletik Arrojeriak gol bana sartu dute tartea zabalduz. Etxaburuk arnasa eman dio taldeari eta Múgica eta Menéndez bidez bigarren zatiko partziala berdintzea lortu dute (13-13).
Datorren asteartean Bera Berak bere aurkaria ezagutuko du, otsailean burutuko diren final-zortzirenetan. Antza zerrendaburuak zehaztuko dira eta EHFko rankinaren arabera Bera Bera zerrendaburu izango litzateke eta teorian talde garrantzitsuenak saihestuko lituzke, besteak beste, Lada eta Rostov errusiarrak, Team Esbjerg daniarra, Errumaniako Brasov, Parisgo Issy, Alemaniako Buxtehuder eta Hungariako Erd. Aitzitik, aurkarik izan daitezke Rocasa, Suediako Höör, Errusiako Astrakhanochka, Danimarkako Team Tvis Holstebro edo Alemaniako Bayer Leverkusen.
Fitxa Jomi Salerno 20, Bera Bera 28
Jomi Salerno 20 (7+13): Parini, Coppola (1), Avram (3), Del Balzo (2), Beba (3), Trombetta (5) y Pavlyk (4) –titular- Casale, Benincasa, Lambiase, Lauretti (2) eta Iacovello (o.a.)
Bera Bera 28 (15+13): Temprano, Etxeberria (2), Elorza (2), Núñez (2), Menéndez (5), Arizaga (1) y Pinedo (6, 2p) –titular- Ederra (3), Martínez, Arrojeria (2) Múgica (3), Azanza (2), eta Zugarrondo (o.a.). Deialdian, Ziarsolo.
Epaileak: Pinar Ünlü Hatipoglu eta Mehtap Simsek (Turquía). EHF delegatua: Sotiris Constantinou (Txipre)
Kanporatuak: Casale Jomi Salernotik eta Ederra eta Elorza Bera Beratik
Partzialak: 2-2, 3-3, 4-7, 5-9, 6-13, 7-15 –atsedenaldian- 8-15, 11-16, 15-20, 17-22, 19-25 eta 20-28.