Akaba Bera Berak arazorik gabeko garaipena lortu zuen. Atsedenerako, 16-11 emaitzarekin, partidaren agintearekin egin ziren. Reyes Carrerek bigarren zatia ezohizko jokalariei minutuak emateko erabili zuen, eta ez zuten huts egin.
Golegileak hauek izan ziren: Tati Garmendia 5, Manuela Fiedel 6, Patri Pinedo 4,Itxaso Egaña 8,Verónica Valverde 1,Roxana Citu 2,Libe Altuna 6,Zulai Agirre 4.
Akaba Bera Berak Plusfec U.E. Lleida taldearen aurka neurtuko ditu indarrak larunbatean arratsaldeko 19:30etik aurrera Bidebietako kiroldegian. Kataluniako taldeak apustu gogorra egin zuen denboraldi hasieran ligako lau talde onenen artean sartu eta datorren denboraldian Europan jokatzeko helburuarekin baina gauzak ez zaizkio nahi bezala joan Antonio Bustok zuzentzen duen taldeari eta gaur egun hamargarren postuan sailkaturik dago. Maila oneko jokalariak eta talde polita osatu arren Lleidako taldeak irregulartasun handia azaldu du denboraldian zehar partida onak eta txarrak tartekatuaz. Horregatik, Akaba Bera Berako jokalariek euren mailarik onena eman beharko dute garaipena eskuratu nahi badute egun ona duenean talde arriskutsua baita kataluniarra.
Jokalariei dagokienez, talde donostiarreko zaletuek ongi ezagutzen duten Monica Nedelciu errumaniarraren presentzia azpimarra genezake, iaz Reyes Karrereren esanetara aritu baitzen. Gainontzeko jokalariei dagokienez, Isabel Bastero eskuin hegalekoa, Dolores Martin zentrala eta selekzioan aritzen den Goretti Castañeda 19 urteko pibote gaztea dira gehien nabarmentzen direnak. Ezin ahaztu ditzakegu Jurate Jankaitiene atezain lituaniarra, nazionalitate bereko Gabriele Mitkeviciute eta Mariko Komatsu korear txikia.
Espero dezagun gure jokalariek laugarren postuari eusteko ezinbestekoak zaizkien garaipena eta bi puntuak eskuratzea.
Jardunaldi borobila Akaba Bera Bera eskubaloi taldeek buruturikoa, maila guztietako taldeak nagusitu baitziren euren norgehiagoketetan. Larunbatean lehen taldeak Kanariar uharteetan 24 eta 29 nagusitu zela aipatzen bagenuen gauza bera egin zuten kadete, jubenil eta 2. Nazional mailako taldeek.
Kadeteei dagokienez, Arabako Consulting taldea mendean hartu zuten. Azken emaitza 24-19 izan zen eta goleatzaileak ondorengoak izan ziren: Garazi (8), Maria (7), Leire (6), Zuriñe (2) eta Alma (1).
Jubenilen taldea 20 eta 12 gailendu zitzaion Gasteizko Gasnalsa taldeari. Goleatzaileak Enara Martinez (7), Nahiara (5), Laura (4), Enara Otero (2), Jessy (1) eta Sara (1) izan ziren.
Amaitzeko, 2. Nazionaleko taldeak Elorrion jokatu zuen eta bi puntuak poltsikoratu zituen. Gol gutxiko norgehiagokan gure jokalariak 9 eta 12 nagusitu ziren. Goleatzaileei dagokienez, Lorena (5), Amaia (2), Leire (2), Bego (1), Idoia (1) eta Laura (1) izan ziren.
Akaba Bera Berak garaipena erdietsi zuen norgehiagoka zail batean. Aurreikusten zen bezala, etxekoek ez zuten erraztasunik eman baina gure jokalariek aurpegia eman zuten eta laugarren postuari eusteko balio duten bi puntu eskuratu zituzten.
Lehen zatian partida oso parekatua izan zen eta Reyes Karrerek zuzentzen dituen jokalariak bigun aritu ziren defentsan, etxekoek ederki aprobetxatu zutelarik barnekaldiak egiteko. Erasoan ere ez ziren fin aritu jaurtiketekin eta ondorioz berdintasuna nagusitu zen bai jokoan eta bai markagailuan. Atsedenaldian, markagailuak 13 eta 13 adierazten zuen.
Bigarren zatian, gure jokalariek defentsa ajustatu zuten etxekoen arriskua murriztu zutelarik. Jockelyn Tienstra atezainak ere sendotasuna eman zion defentsako jokoari eta erasoan ere Akabakoen jokoak gora egin zuen jaurtiketetan gehiago asmatuaz. Ondorioz, lau goletako errenta izatera iritsi ziren baina kanariarrek estutu egin zuten eta bi goletara murriztu zuten abantaila. Hain zuzen ere, hori izan zen norgehiagoka irabazteko klabeetako bat, hots, gol bakar bategatik izan bazen ere beti aurretik izatea markagailuan.
Partidaren amaieran Reyes Karrere gustura zen "garaipenak laugarren postuari eusteko balio duelako. Bagenekien ez zela erraza izango baina taldeak ongi erantzun du eta lehia azken minutuak arte erabaki ez badugu ere, garrantzi handiko bi puntu poltsikoratu ditugu".
BM. RO´CASA: Rodríguez, María Luján, Kvifte (4), Dumpiérrez (2), Nuñez, Trojaola (1), López (3), Krasnic (4), Negrín (4), Gemma Luján (6), Cristina Luján.
AKABA BERA BERA: Tienstra, Ugartemendia, Fiedel (3), Valverde (4), Pinedo (7), Garmendia (5), Altuna, Agirre (5), Egaña (1), Kowalska (4).
EPAILEAK: Fernandez / Permuy (Colegio Gallego).
PARTZIALAK: 3-2/5-6/6-7/8-8/9-11/13-13/14-18/17-22/18-22/21-24/22-25/24-29.
Akaba Bera Bera ostiralean irtengo da Las Palmas aldera Ro´Casa taldearen aurka ligako hurrengo partida jokatzera. Partida larunbatean 18tan Las Remudas-Teldeko Antonio Moreno Kiroldegian jokatuko dute. Partidako epaileak Galiziako Fernandez Piñeiro eta Permuy Villanueva izango dira.
Momentu hauetan Ro´Casa taldea sailkapeneko zortzigarren postuan aurkitzen da eta Donostian jokatutako partidan Akaba Bera Berak garaipen erraza lortu arren, kontuan izan behar dugu Ro´Casa taldeak bere etxean jokatzen duenean oso talde borrokalari eta agresiboa dela. Jokalari aipagarrienak hauek dira: Emina Krasnic (atezaina), Hilde Kvifte (laterala), Gemma Lujan (laterala), Davinia Lopez (zentrala) eta Isabel Negrin (pibotea).