Bera Beraren harrobiko taldeek euren ligetako jardunaldi berri bat jokatu zuten pasa den larunbatean, eta berriro oso emaitza onak lortu zituzten.
Goizean infantilak hasi ziren lanean. Kasu honetan, A taldeak ezin izan zuen ezer egin Pasaian Ereintza indartsuaren aurka, eta 19-4 galdu zuten. Emaitza honen zauriak laister itxi zituen hala ere B taldeak, etxean Leizarani 29 eta 11 irabaziz.
Nagusiagoak bestalde, ezin hobeto aritu ziren. Kadeteak ligan primeran jarraitzen dute, eta 6ean utzi zuten Aloña Mendi B. Beraiek 31 gol egin zituzten gainera.
Egian jokatu zuten jubenilek, eta kasu honetan ere partidua eurek eraman zuten. 30-22 irabazi zioten Pulpori. Seniorrek ere arerio hau izan zuten, eta jubenilek bezala, irabazi egin zieten baita ere. Zumaian izan zen, 20-24 emaitzarekin.
Pasa den astean Eldan jokatu zenaren ondoren, bihar Bidebietan garrantzi handiko beste partidu bat jokatuko da, denboraldia markatzen duten horietako bat. Bera Berak Elx jasoko du, arerio sendoa, donostiarren porrotaz baliatuz sailkapeneko hirugarren postua kendu diena. Etxekoak eurena sentitzen duten posizioa berreskuratzen saiatuko dira bihar.
Astea nahiko luzea egin da, batez ere Bera Beraren jokalariak pasa den partiduko zapore txarra kentzeko irrikitan daudelako. Eldan ez zitzaizkien gauzak espero bezala atera, eta hura ahazteko erremediorik onena Elx-i irabaztea izango da. Garaipena lortzea oso garrantzitsua litzateke Itxakori bisita egin baino lehen, hurrengo asteazkenean.
Donostiarrek duela zazpi egun galdu zuten defentsa ona berreskuratu beharko dute, orain arteko ibilbide onaren klabeetako bat izan baita. Kontuan edukita gainera, ilizitarrek txapelketako defentsarik onenetakoa dutela, partidu gogor eta intentso bat izatea espero da. Beraiek kanpoko partiduetan sufritu egin dute, horregatik kantxa faktorea arma garrantzitsu bat izango da Bera Berak bere helburua lor dezan.
Jada badakizkigu hurrengo asteburuko Bera Berako taldeen partiduen orduak. Lehia guztiak larunbatean izango dira.
Infantilak, ohitura den moduan, larunbat goizean arituko dira. 10:10etan, Pasaiako Kiroldegian A taldeak Ereintza A-ren kontra arituko da. Bera Bera B taldea bestalde, 10:00etan Bidebietan jokatuko du Leizaran A-ren aurka.
Bi ordu beranduago, Bidebietan beste partidu bat jokatuko da, kasu honetan kadeteena, Aloña Mendi B-ren aurka arituko dena.
12:30etan Pulpo K.E eta Bera Bera senior taldearen arte lehia hasiko da. Zumaiako Lubaki kiroldegian izango da. Arratsaldean, Ohorezko Mailakoen partiduaz gain, Egia Bera Berako jubenilek Pulporen aurka jokatuko dute 17:30etan Egiako kiroldegian.
Bera Bera eskubaloi taldearen Nagore Arizaga jokalari gazteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuneko Jokalari saria jaso du, orain arteko ibilbide bikainagatik, eta duen etorkizun paregabearengatik.
Etorkizuneko Kirolariaren designazioak diru sari batetaz gain, EUTSI KIROLARI! programan sartzeko aukera dakar. Hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako etorkizuneko jokalariei zuzentzen dien programa da.
Gainera, abenduaren 22an, gipuzkoako kirolaren ospakizunean, Nagore Arizagak bere omenaldia jasoko du eman zaion saria dela eta.
Nagore denboraldi honetan iritsi da Ohorezko Mailako taldera, baina orain arte ezin izan du partidurik jokatu lesionatuta egon delako. Beste kategorietan eman dituen pausoak ezin hobeak izan dira. Infaltiletan eta kadeteetan, hainbat sari jasotakoa da, Leizaran taldean zebilenean.
Behin Bera Bera-ra iritsita, jada jubenil mailan, bi urtez jarraian gipuzkoako jokalari onenaren saria jaso du Gipuzkoako Federazioaren eskutik, eta 2009an baita ere euskal jokalari onenaren saria jaso zuen Euskal Federazioak emanda. Gainera, Espainiako selekzioak 10 aldiz deitu du.
Dudarik gabe, Bera Beraren etorkizuneko lider baten aurrean gaude. Zorionak Nagore!!!
Azken asteetako ohitura jarraituz, aste honetan ere Ohorezko Mailako taldearen partiduaren atsedenaldian, bizikleta bat oparituko da. Gogoratu aste honetako partidua 19:00etan hasiko dela, eta Elche izango dugula arerio.
Hala ere, ez da eguneko sari bakarra izango. Bizikletaz gainera La Perla Talasso Zentrora joateko bi gonbidapen zozketatuko dira. Estatuko talassoterapia zirkuitu onenetakoa da, 1h 45minututan ezagutzeko aukera izango duzuna.
Bi sari hauek irabazteko aukera izateko, euro bakarrean salduko dira errifak. Animatu eta irabazi Bera Berarekin!