Sona handiko txapelketa honek infantil, kadete, jubenil eta junior mailako neska eta mutilak biltzen ditu, eta alebin mailako mutilak ere bai. Klub bakoitzak bidaia, janaria eta loa beregain hartzen ditu. Bera Bera Eskubaloia F multzoan kokatu dute, Norvegiako hiru talde, Mar Sagunto eta La Salle Montcada taldeekin batera.
Horrela, Pors HK norvegiarraren aurka egingo du debuta ostegunean, arratsaldeko 8,20an. Ostiralean, eguardiko 1etan Mar Sagunto izango du aurrean, arratsaldeko 6,20an Norvegiako Tinlund izango da arerioa eta larunbatean Fyllingen eskandinabiarra izango da arerioa 18,20etan eta bi ordu beranduago, La Salle Montcada.
Partiden iraunpena ordu erdikoa izango da eta multzo bakoitzetik hiru pasatuko dira hurrengo fasera, txapeldunak final zortzirenetan eta bigarren eta hirugarrenak, final hamaseigarrenak jokatu beharko dituzte. Lehiaketa Granollers Cup atarian jarraitu daiteke.
Irizpideak irizpide,EHFk Alemania eta Errusiako azpitxapeldunekin batera kokatu du Bera Bera, hau da, Errusiako Rostov indartsua eta Alemaniako Buxtehuder taldea saihestuko ditu.
Halere, honako arerio batekin topo egingo du: Norvegia, Hungaria, Danimarka eta Errumaniako azpitxapeldunekin, hain zuzen, Trondheimeko Byasen, Budapesteko Ferencvarosi TC –Nerea Penaren taldea- , Viborg HK daniarra – Bera Berak fitxatu duen Adriana ‘Doce’ Castroren talde ohia eta aurretik donostiarren multzoan zegoena- edo Universitatea Jolidon Clij errumaniarra, alegia.
Mangué eta Bego Fernandezen Zajecar
Era berean Holanda, Polonia edo Serbiako txapeldun bat izango du aurrez aurre: MizuWaAi Dalfsen, Laczpol Gdynia edo Zajecar serbiarra, Marta Mangué eta Begoña Fernándezen taldea.
Eta laugarren taldea –teorian ahulena- Mazedoniako WMetalurg –iaz Eldari 27-22 irabazi zion fase honetan-; Turkiako Muratpasa Belediyesi ; Eslovakiako Iuventa Michalovce edo LC Brühl suizarra izango dira.
Halere, azken hauetako batek kanporaketa zuzena izango du rakinean hobeto kokaturik dagoen taldearekin: Byasen, FTC, Viborg HK edo U. Jolidon Clij, alegia. Gainontzekoek, horien artean Bera Bera, lau taldez osaturiko hiru multzotan banatuko dira, Championseko ligaxkan gelditzen diren hiru txartela eskuratze aldera.
Bitartean, Patricia Elorza, María Núñez pibotea eta Adriana ‘Doce’ Castro hegal ezkertiarra fitxatu ostean, plantilla osatzeko Bera Bera ezker laterala eta pibotea ekartzeko ahaleginetan dabil, aurredenboraldia Bidebietan abuztuaren 1ean hasiko duelarik.



































