super amara Bera Berak zehaztuta dauka jada denboraldiaurreko plana, asmoa abuztuan bost lagunarteko jokatzea delarik.
Lehenengoa abuztuaren 9an izango da, Lekunberrin, 19etan, Replasa Beti Onak taldearen aurka; ondoren, Egiako Torneoa jokatuko da Donostiako Aste Nagusian, aurten hiru talde elkartuko dituelarik. Abuztuaren 12an, 18,30etan, super amara Bera Berak Grafometal La Rioja izango du aurkari, besteak beste June Loidi fitxatu duen taldea. Abuztuaren 14an, ostegunean ordu berean, Replasa Beti Onak izango du aurrean. Asteazkenean, aldiz, Beti Onak eta La Rioja taldeak elkarren aurka arituko dira.
Abuztuaren 22-23an Summer BAG txapelketa ospatuko da aurten ere Leongo Villacelaman, Mecalia Atletico Guardes eta Caja Rural Aula Valladolidekin antolatzen den txapelketak Costa del Sol Málaga gonbidatu du. Hortaz, abuztuaren 22an 18,30etan super amara Bera Berak Aula izango du aurkari eta 20,30etan galizarren eta andaluziarren txanda izango da.
Ligan debuta, abuztuaren 30ean
super amara Bera Berak 25-26 denboraldia irekiko du Gascan abuztuaren 30ean, 19etan, Conservas Orbe Zendal Porriñoren aurka, eta hurrengo asteburuan Superkopa Iberikoa jokatuko du, oraindik egoitza ofizialik ez duena, Madeiraren aurka finalerdietan. Beste norgehiagoka Replasa Beti Onak eta Benficaren artekoa izango da.