Bera Bera

Select your language

Imanol Alvarezek eta Jon Begiristainek beste denboraldi batez jarraituko dute, gutxienez, super amara Bera Bera zuzentzen. Tati Garmendia eskubaloi ataleko arduradunak azaldu duenez, klubaren asmoa bi denboraldirako kontratua berritzea zen, baina Alvarezek zehaztu duenez, “nahiago dut urtez urte joan”, eta gaineratu duenez, “klubaren konfiantza sentitzen dut, egon naitekeen lekurik onena da, eta nire asmoa laguntzen jarraitzea da, nire etxean bezala nagoelako”.

Haren ondoan, Jon Begiristain, Garmendiak onartu duenez “aurkikuntza bat” izan dela. Bigarren denboraldia burutu du Alvarezen ondoan eta honek nabarmendu duenez, “oso gertu sentitu dut, asko lagundu dit”. Entrenatzaile usurbiltarrak berak aitortu du “luxu bat dela ligako entrenatzaile onenarekin lan egitea, egunero zerbait ikasten ari naiz, eta plazer bat da ahal dudan guztian laguntzea”.

Garmendiak hasi du agerraldia, eta adierazi du denboraldia “historikoa izan dela, errepikatzeko oso zaila”. Hala ere, beti dago hobetzeko zerbait. Alvarezek esan duenez, “kuriositate handiko gizona naiz, hobetzea gustatzen zait, gauza berriak ikastea, eta kirolaren munduan, denbora optimizatzeko begirada izan behar dugu, taldea hobea izan dadin”. “Hori da erronka”, esan du. “Gauza berriak egiten saiatuko gara, hobeak izateko ideia horrekin, ez bakarrik emaitzan, hobeto jokatzean, ikusgarritasuna handitzen, betiere aurkariekiko, jokoarekiko eta lehiaketarekiko errespetuarekin”, gaineratu du, “aurrera egiten ez baduzu, atzera egiten ari zarelako”.

“Lehiaketa guztietan azkeneraino borrokatzea” da erronka nagusia. Europari dagokionez, “behin final-laurden horiek jokatuta, gaur final fourrarekin amets egin dezakegu, duela urtebete multzoen fasearekin amesten genuen bezala”. Baina ohartarazi du ermuarrak: “gauza askoren mende dago, aurreko kanporaketaren zozketaren, multzoa nola osatzen den eta taldea une horietara nola iristen den”.

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores